Skip to main content
2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra

Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek

Guía

Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ekonomia jasangarriranzko trantsizioaren arriskuak identifikatzeko eta ebaluatzeko gida metodologikoa argitaratu du, antolakundeei trantsizio ekologikoko eta ekonomiaren deskarbonizazioko prozesuaren ondorio diren inpaktuei aurrea hartzen eta kudeatzen laguntzeko.

Jasangarritasunean lider diren Basque Ecodesign Centerren integratutako euskal enpresa handiekin egindako zenbait gidaritzatan sortutako ikaskuntzetatik abiatuta garatu da gida.

Gidak gomendio praktikoak, datu zehatzak eta aplikazio-adibideak hartzen ditu barnean, enpresek errazago integra ditzaten trantsizioaren arriskuak beren estrategian eta erabakiak hartzean

Gomendio nagusien artean, dokumentuak azpimarratzen du garrantzitsua dela trantsizio-arriskuak modu sistematikoan identifikatzea eta plangintza estrategikoko eta arriskuen kudeaketa globaleko ohiko prozesuetan integratzea, gauza bakartua izango balira bezala tratatu gabe. Era berean, arriskuok arintzeko neurriak definitzea eta horiek aldian behin berrikustea gomendatzen du.

Klima-arriskuak —batez ere erregulazio-aldaketekin, aldaketa teknologikoekin, merkatukoekin eta ospe-aldaketekin lotutako trantsizio-arriskuak— identifikatzea, ebaluatzea eta horien berri ematea exijitzen duen arau-esparru gero eta zabalagoari erantzuten dio gidak. Exijentzia horien artean nabarmentzekoak dira Jasangarritasuneko Informazio Korporatiboari buruzko Europako Zuzentaraua (CSRD), TCFD lantaldearen gomendioak, IFRS S2 araua, ISO 31000 araua eta 7/2021 Legea, Klima Aldaketarena eta Trantsizio Energetikoarena. Hala ere, arriskuak kudeatzeak izan behar du haiek ebaluatzeko benetako motibazioa, lehiakortasunean inpakturik izan ez dezaten.

Enpresa handiei, ETEei, administrazio publikoei eta antolakunde sozialei zuzentzen zaie, karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizioaren ondorio diren arriskuak errazago ebaluatzeko eta kudeatzeko aukera izan dezaten

Argitalpenak bi aldagairen konbinazioan —gertatzeko probabilitatea eta inpaktuaren larritasuna— oinarritutako metodologia erdikuantitatiboa proposatzen du, Network for Greening the Financial System (NGFS) sareak garatutako hiru denbora-horizonte eta hiru agertoki kontuan hartuta.

Aplikazio praktikoa errazteko, antolakundeek metodologia hori nola erabil dezaketen erakusten duten adibideak jasotzen ditu gidak. Adibidez, industria-enpresa batek karbonoaren prezioaren igoerarekin lotutako arriskua ebalua dezake, eta, horretarako, haren probabilitatea baloratu, arau-bilakaeraren arabera eta kostuetan eta lehiakortasunean duen eraginaren araberako larritasuna kontuan hartuta, eta lehentasuna eman diezaioke energia-efizientzian edo prozesuen elektrifikazioan inbertsioak egiteari, arintze-neurri gisa.

Zerbitzu-enpresa baten kasuan, gidak erakusten du nola aztertu behar diren bezeroen eta inbertitzaileen jasangarritasun-exijentzia gero eta handiagoei lotutako merkatu- eta ospe-arriskuak, hornitzaileak hautatzeko ingurumen-irizpideak sartuz eta bere klima-estrategiaren komunikazioa indartuz.

Trantsizioaren arrisku nagusiak estaltzen dituen metodologia erdikuantitatiboa txertatzen du, hiru denbora-horizonte eta hiru agertoki kontuan hartuta.

Dokumentuak, halaber, ETEei aplika dakizkiekeen adibideak ere jasotzen ditu. Azterketa ebaluazio kualitatibo sinple batekin has dezakete, rolak pertsona kopuru txiki batean kontzentratuz eta arrisku garrantzitsuenei lehentasuna emanez, eta, jasangarritasun-heldutasuna handitu ahala, gero eta azterketa zehatzagoak egin ditzakete.

Argitalpen honekin, Ihobek indartu egiten du euskal ehun ekonomikoari laguntzen betetzen duen eginkizuna. Izan ere, tresna praktikoak eskaintzen dizkie antolakundeei, erresilientzia hobetzen, arau- eta merkatu-aldaketei aurrea hartzen eta karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizioarekin lotutako aukerak aprobetxatzen laguntzeko.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
Materialen hornidura segurtatzea, autosufizientzia handitzea eta europar produktu jasangarriak bultzatzea, Euskadiko ekonomia zirkularraren 2026rako gakoak
2026ko apirilaren 13a
  • Ekonomia zirkularra
Ekosteguna 2026: Ihobek datozen urteetan ekonomia zirkularra baldintzatuko duten arau‑ eta merkatu‑gakoak aurkeztuko ditu