- Herritarren ekintza
Europako bi eskualdetako hainbat gaztek gobernantza eta jasangarritasunari buruzko topaketa baten parte hartzen dute Euskadin
Erdialdeko Jutlandia eskualdetik eta Herbehereetako Gelderland probintziatik etorritako gazteak gobernantzan, jasangarritasunean eta gazteen parte-hartzean zentratutako europar topaketa batean parte hartzen ari dira egun hauetan, Euskadin. Ekimenak bi lurraldeetako gazteak biltzen ditu, Euskadiko gazteekin batera, helburu honekin: esperientziak konpartitzea, modu bateratuan hausnartzea, eta gazteria politika publikoen definizioan inplikatzeko forma berrietan aurrera egiteko.
Bilboko topaketa hau Alexander Boto Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoaren zuzendari nagusiaren harrerarekin hasi da; honek azpimarratu du, bere hitzaldian, Europako eskualde desberdinetako gazteen arteko elkarrizketarako espazioa sortzearen balioa, begiradak trukatzeko eta erantzun konpartituak eraikitzeko. “Europak erronka handiak ditu aurrez aurre, hala nola trantsizio energetikoa edo gure demokraziak sendotzea, eta horri heltzeko modu bakarra da lurraldeen arteko lankidetzatik aritzea, gazteriaren parte-hartze aktiboarekin”, nabarmendu du.
Gobernantza eta trantsizio ekologikoa
Lan-saioak gobernantzan eta trantsizio ekologikoan zentratutako saioak izan ditu, Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketari buruzko Gizarte Ituna bereziki jorratuz, esperientzien trukea sustatzera zuzendutako dinamika parte-hartzaileekin batera.
Erasmus+ eta Society Shapers europar programek Erdialdeko Jutlandiako eta Herbehereetako Gelderland probintziako gazteak bildu dituzte lan-saio batean, esperientziak konpartitzeko eta gazteak politika publikoen definizioan inplikatzeko forma berrietan aurrera egiteko
Ihobeko zuzendariak gogoratu duenez, Euskadiko Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketaren Legeari lotutako Gizarte Ituna “klima-neutraltasunerantz aurrera egiteko konpromiso kolektiboko esparru bat da, administrazio publikoen, ekonomiaren eta herritarren inplikazio aktiboa duena, trantsizio energetiko bidezko, inklusibo eta konpartituaren alde egiteko”.
Alde horretatik, Botok gazteriaren rola nabarmendu du. “Bere ahotsa ezinbesteko da, eta horregatik bultzatzen ditugu parte-hartzerako espazioak, elkarlaneko prozesuak eta belaunaldi berriek etorkizunaren eraikuntzan duten rol aktiboa aitortzen duten arau-esparruak”, adierazi du.
Egitaraua osatzeko, bisitak egin dira Ekoetxea Meatzaldean eta beraren meatzaritza-ingurunean.
Gazteen parte-hartzera zuzendutako europar programak
Topaketa Erasmus+ programan dago sartuta; berau Europar Batasunaren ekimen bat da, hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirola bultzatzen dituena, mugikortasun-aukeren eta nazioarteko lankidetzaren bitartez. 2021-2027 aldian, Erasmus+ programak indartu egin du gizarte-inklusioaren, gazteen parte-hartzearen eta trantsizio ekologikoaren alde egindako apustua, konpetentzien garapenari eta europar hiritartasun aktiboa sendotzeari laguntzen dieten ikaskuntza-esperientziak sustatuz.
Europar programa horiek gazteen lankidetza eta parte-hartzea bultzatzen dituzte prozesu demokratikoetan
Halaber, jarduera Society Shapers proiektuan ere dago sartuta; izan ere, proiektu horren helburua da gazteek prozesu demokratikoetan duten parte-hartzea indartzea, toki, eskualde eta Europa mailan. Tailerren, metodologia berritzaileen, eta gazteen, arduradun politikoen eta pertsonal teknikoaren arteko zuzeneko elkarlanaren bitartez, proiektuaren asmoa da gazteak erabaki publikoak hartzeko prozesuetan gehiago inplikatzen laguntzen duten tresna praktikoak garatzea.
Eusko Jaurlaritzatik, horrelako ekimenek elkarren arteko ikaskuntzari eta europar eskualdeen arteko lankidetzari egiten dieten ekarpenaren balioa nabarmendu da. Sailburuordeak adierazi duen bezala, “gazteria ez da politika publikoen etorkizuna solik, baizik eta baita orainaldia ere; haren sormena eta begirada kritikoa funtsezkoak dira garapen-eredu jasangarriagoen, inklusiboagoen eta bidezkoagoen bidean aurrera egiteko”.
Iturria:Ihobe