Skip to main content
2026ko abenduaren 12a

Euskadik erregai fosilak ezabatzea eta ekonomiaren eta gizartearen deskarbonizazioa bizkortzea aldarrikatzen du

Euskadik erregai fosilak ezabatzea eta ekonomiaren eta gizartearen deskarbonizazioa bizkortzea aldarrikatzen du
Erregai fosilen erabilera progresiboki ezabatzeko Euskadiren ibilbide-orria bat dator Europar Batasunak egindako apustuarekin, eta Eusko Jaurlaritzak etsipenez hartzen du COP28an parte hartzen ari diren lider batzuk erakusten ari diren anbizio-maila apala. Euskadi bezalako herrialde batek ez du arreta murriztuko, deskarbonizazioa ezinbestekoa baita gure garapenean; eta, aldi berean, gizartearen ikuspuntutik jasangarria eta bidezkoa izan dadin. Hori dela eta, Tapiak adierazi duenez, "2050ean zero emisioen apustuari eusten diogu, baina denbora esparru hori azkartzeko eta aurreratzeko lan egingo dugu".

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak pozik hartu du 2030erako berriztagarrien ekoizpena hirukoiztea eta energia-eraginkortasuna bikoiztearen inguruan hartutako adostasuna. Energia-eraginkortasunari dagokionez, Euskadi ondo kokatuta dago, baina Tapiak herrialde gisa dugun gabeziari erreparatu dio; izan ere, "berriztagarrien erronkak tokiko erakunde guztiei eta euskal gizarte osoari eragiten digu, eta, aldarri horren aurrean, ekintza-erantzun sendoa baino ezin da eman".

Eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko ikuspegi dual horrek nabarmen lagunduko du berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. Horretarako, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren aldeko itun sozial bat onartu beharko da, etorkizuneko legearen helburuak eta legearen ondoriozko plangintza-tresnak garatzen laguntzeko.

Tapiaren ustez, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea akuilu izango da Euskadiko deskarbonizazio-prozesua bizkortzeko

Testuinguru horretan, akuilu gisa balioko duten tresna normatiboak edukitzea premiazkoa da, hala nola, alde batetik, Energia Berriztagarrien Lurralde Arloko Plana (PTS), izapidetze-fase aurreratu batean dagoena, eta, bestetik, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, datozen hilabeteetan errealitate bilakatu daitekeena, dagoeneko bere edukiak Eusko Legebiltzarrean lantzen ari direlarik.

Ambizio klimatikoari dagokionez estatuek aurrera egiteko adierazten duten moteltasuna atsekabez hartzen du Euskadik, nahiz eta GAP Global emisio txostenak ondorioztatzen duen 2015etik gaur arte aurrerapenak egon direla; hala ere, 2030erako aurreikusitako berotegi-efektuko gasen emisioak %28 murriztu behar dira oraindik Parisko Akordioan adostutako 2ºC-ko gehienezko berotze mugaren ibilbidea burutzeko. Euskadik, 2010. urtearekin alderatuta (IPPCren txosten bereziaren erreferentzia-urtea), %15 murriztu ditu bere emisioak 2022rako. Proiektatutako murrizketa-ibilbidean gaude, baina ahalegin handiagoak egin beharko dira, eta bizkortu egin beharko dira.

Eusko Jaurlaritzak atsegin handiz hartu du COP28ren goi-bileran gobernu subnazionalei aitortu zaien rol berria, bai eta Egiptoko COP27an adostutako herrialde ahulenetako ekonomietara bideratutako galeren eta kalteen funtsa zehaztea ere.
Helburuak lortzeko ekintzak bizkortzeko beharra agerian geratzen den testuinguru horretan, Tapia sailburuak teknologiaren palanka balioan jarri du, eta lurraldearen aukeretara egokitutako plangintza bat izatea azpimarratu du.

“Ingurumen-plangintza sendoa dugu. Erronka, orain, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen proiektua onartzea da, eta, gaur egun, tramitazio-fasean dago Eusko Legebiltzarrean. Testuinguru juridiko egonkorra behar dugu Euskadi Europako eta nazioarteko arau eta politika ezberdinekin lerrokatzeko. Funtsezko tresna da, gizartea deskarbonizatzeko, klima-aldaketaren eraginen aurrean erresilienteagoa izateko eta modu justuan ekiteko aukera emango diguna, inor atzean utzi gabe”.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko irailaren 1a
  • Erosketa berdea
Euskal Autonomia Erkidegoko erosketa eta kontratazio berdeak 2025erako ezarritako ezarpen-helburuak gainditu ditu, eta eraginean oinarritutako etapa berriari ekin dio
2026ko irailaren 1a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek deskarbonizazio-proiektuak eta trantsizio-arriskuen kudeaketa bultzatuko ditu profesional gazteak euskal ETEetan sartuz, Murriztearren 2026 programari esker
2026ko abuztuaren 21a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek Ekonomia Zirkularreko Prestakuntza Programaren 2026ko deialdia zabaldu du jardunean dauden profesionalentzat
2026ko uztailaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Herritarren ekintza
ASTEKLIMA 2026k euren ohiturek kliman eta energian duten inpaktua ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak