Skip to main content
2026ko maiatzaren 30a
  • Tokiko jasangarritasun

Eusko Jaurlaritzak bere klima-aldaketaren arloko jardunbide egokiak aurkeztu ditu Municheko IFAT azokan

Eusko Jaurlaritzak bere klima-aldaketaren arloko jardunbide egokiak aurkeztu ditu Municheko IFAT azokan

Euskadik Life Urban Klima 2050 proiektuaren aurrerapenak konpartitu ditu, eta ezagutzera eman ditu euskal administrazio, enpresa eta herritarrei laguntzeko xedez garatu diren klima-aldaketaren arloko tresnak

Klima-aldaketara egokitzeko jardunbide egokiei buruz Bavariako Ingurumen Ministerioak antolatu duen mahai-inguru batean, Uriartek nabarmendu du Life Urban Klima 2050 proiektuaren balioa, eta baita lurraldeak aurrez aurre dituen klima-arrisku nagusiei erantzuteko gauzatu diren jarduerak ere. Bere esanetan, “hiriguneetako bero-boladak, lehen sektoreko lehorteak, ibai-uholdeak eta itsas mailaren igoera dira mehatxu nagusiak”. Azpimarratu du, halaber, euskal biztanleriaren % 60 kostaldean bizi dela, eta, hortaz, itsasaldeko udalerri eta azpiegiturek prest egon behar dutela klima-erronkarako.

Horrez gain, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak Ihobe sozietate publikoaren bidez gauzatu duen lana, herritar, enpresa eta udalerriei euren trantsizioan lagundu diezaieketen puntako tresnak garatzeko. “Baditugu jarduteko tresnak: eskualde mailako klima-agertokiak, kilometroz kilometro zehaztuak; udal eskalako kalteberatasun- eta arrisku-azterlanak; karbono-aztarnarako tresnak; plangintzak egiteko metodologiak; naturan oinarritutako irtenbideak; eta ekoberrikuntzaren aldeko apustu sendo bat, sektore pribatuari eta toki-erakundeei zuzendutako laguntzekin. Tresna horiek guztiak, gainera, gero ezarri beharko zituzten eragileekin batera diseinatu dira”, azpimarratu du.

Euskadi ENCORE sarean

Euskadik ENCORE sarearen bileran ere parte hartu du. Sare honek Europako 122 eskualde biltzen ditu, eta Euskadi beraren Batzorde Eragilearen partaidea da

1966an hasi zenez geroztik, IFAT azoka finkatu egin da Europako ingurumen-irtenbideen sektorearen topagune garrantzitsu bezala; izan ere, 150.000 bisitari inguru eta 3.300 erakusketari baino gehiago bildu ohi ditu. Euskadik parte hartu ahal izan du IFAT azokan ENCORE sarearen partaidea izateagatik; berau Europako eskualdeen sare bat da, 122 eskualde-gobernuz osatua, lehentasunezko jarduera-ildoak dituena klima-ekintza, ekonomia zirkular eta biodibertsitatearen alorretan. Hala, sareak Eusko Jaurlaritza gonbidatu du parte hartzera, irtenbide berritzaileetan aurreratutako eskualdea delako eta puntako tresnak dituelako klima-ekintzarako, bai arintzeari dagokionez eta bai egokitzeari dagokionez, alegia, beste eskualde eta hiriak inspiratu ditzaketen puntako tresnak.

Euskadi sorreraren egunetik izan da ENCORE sarearen partaidea –orain dela bi hamarkada inguru sortu zen-, eta gaur egun Batzorde Eragilean dago 2024. urtera arte. Sare horretan egiten den lana lagungarria da EBko politikak eskualdeen eremuan eraginkortasunez aplikatzeko, eta Adolfo Uriartek hori nabarmendu nahi izan du bere hitzaldian: ezin diegu erronka horiei nork bere kabuz heldu; aitzitik, ENCORE moduko sareak behar ditugu, eta beste eskualde batzuk behar ditugu esperientziak konpartitzeko, ikasteko, erronka komunak edo osagarriak dituzten europar eskualdeen arteko lankidetza-proiektuak garatzeko, eta klima-aldaketarako egokitzapena modu kolektiboan gidatzeko”.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urtarrilaren 15a
  • Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
2025eko irailaren 24a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 18a
  • Tokiko jasangarritasun
LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian
2025eko irailaren 17a
  • Tokiko jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du