- Ekodiseinua
Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxea ingurumen-zentroen sareak bat egin du Lurraren Egunaren ospakizunarekin
Ekoetxea sareko zentroak itxita daude koronabirusaren krisia dela-eta, baina, halere, ingurumenari buruz sentsibilizatzeko egiten duten lanarekin jarraitzen dute urrunetik bada ere, eta aurten bat egin nahi dute berriz Ama Lurraren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Izan ere, Nazio Batuek aukeratu dute data hori, planeta babesteak duen garrantzia gogoratzeko eta biodibertsitateak eta klimak gizakion osasunarekin duten harreman estua azpimarratzeko.
Ekoetxea Sareak bineta bat diseinatu du konfinamendua amaitutakoan gogoeta egitera eta ingurunea beste begi batzuekin begiratzera bultzatzeko
Klima-krisiak, biodibertsitatearen galerak, baso-soiltzeak, lurzoruaren erabileren aldaketak edo basabizitzaren legez kanpoko merkataritzaren hazkundeak areagotu dute gaixotasun infekziosoak animaliengandik gizakiengana transmititzea. Nazio Batuen Ingurumen Programaren (PNUMA) arabera, gaixotasun infekzioso berri bat sortzen da gizakiengan 4 hilean behin. Gaixotasun horien % 75 animaliengandik datoz.
Gaur egungo pandemiaren ondorioetako bat izan da, esate baterako, ingurumen-inpaktuak murriztea airearen kalitateari edo berotegi-efektuko gasen isuriei dagokienez. Nolanahi ere, ekonomiaren moteltze tragikoaren eta COVID-19ak gizakiongan eragindako larritasunaren ondorioa da. Horregatik guztiagatik, Ama Lurraren Nazioarteko Egunak gonbidatu nahi gaitu gogoeta sakona egitera, ekonomia jasangarriago baterantz aurrera egiteari begira, bai pertsonentzat eta bai planetarentzat funtzionatuko duena.
Iturria:Ihobe