Skip to main content
2026ko ekainaren 16a
  • Ingurumen-plangintza
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekoberrikuntza

Ihobek UPV/EHUren udako ikastaro batean parte hartuko du, ekonomia zirkularrari eta horrek sektore publikoari dakarzkion aukerei buruzkoa

Ihobek UPV/EHUren udako ikastaro batean parte hartuko du, ekonomia zirkularrari eta horrek sektore publikoari dakarzkion aukerei buruzkoa
Ikastaroaren helburua da ekonomia zirkularrak eta Europako Itun Berdeak administrazioari (eskualdekoari nahiz tokikoari) dakarzkion aukerak aztertzea eta, horrez gain, politika publikoak diseinatzeaz eta/edo egikaritzeaz arduratzen diren pertsonei tresnak ematea ekonomia zirkularrerako trantsizioa azeleratzeko.

Alexander Botoz gain, Ihobeko beste kide batzuek ere parte hartuko dute: José María Fernándezek, Ekonomia Zirkularraren Arloko zuzendariak, eta Xabier Gonzálezek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren Jasangarritasun Arloko zuzendariak.

Ihobez gain, UPV/EHUren udako ikastaro honek prestigio handiko beste hizlari batzuk izango ditu, hala nola Europako Batzordearen Ekonomia Zirkularreko arduraduna, Stefano Soro; Europako Ingurumen Agentziako koordinatzailea, Daniel Montalvo, eta Euskadin paradigma-aldaketa hori sustatu duten erakunde publikoetako zuzendariak.

Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta plaza mugatuak daude.

Pandemia osteko agertokian, ekonomia zirkularrak dakartzan aukerak


Covid-19aren ondoriozko pandemiaren lehenengo olatuan geundenean, Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen bidez, ekonomia zirkularraren aldeko ekintza-plan berri bat prestatu zuen, baliabide naturalekiko presioa murriztuko duena, 2050. urterako neutraltasun klimatikoaren helburua lortzea erraztuko duena eta biodibertsitatearen galera saihestuko duena.

Ekonomiaren zirkulartasunean aurrera egiten jarraitu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako 2030eko Estrategia onetsi zuen iaz. Estrategia horren helburuak dira eskualdearen lehiakortasuna bultzatzea, enpleguaren sorrera sustatzea eta eskualdearen jasangarritasunari laguntzea

Euskadik urteak daramatza ekonomia zirkularraren arloan arrakastaz lan egiten. 2000. urteaz geroztik, euskal ekonomia % 26 hazi da; materialen kontsumoa, berriz, % 25 murriztu da eta zabortegietan bukatzen duen hiri-hondakinen bolumenak % 56 egin du behera.

Baina estrategia horren erronka nagusia eragile guztien (enpresak, administrazioak eta herritarrak) inplikazioa eta lankidetza indartzea da. Administrazioan lan egiten duten pertsona askok egiten dute eredu horren alde, eta badakite eginkizun garrantzitsua bete dezaketela eredu zirkular hori errazten duten baldintza egokiak sortuz. Era berean, kudeatzen dituzten esparruetan ekonomia zirkularrak izan ditzakeen onurak ezagutzen dituzte.

Premisa hori oinarri hartuta, UPV/EHUren udako ikastaroak honako helburu hauek izango ditu: Europako Itun Berdearen diseinu- eta garapen-politikak Europako eta eskualdeko ikuspegitik aztertzea; Europako Itun Berdea zabaltzeko funtsezko metodologiak eta tresnak azaltzea; Itun Berdea eta Ekonomia Zirkularra administrazio publikoaren gobernantzan integratzeko estrategia eta jardunbide zehatzak aurkeztea, eta politika publikoak Europako Itun Berdearekin bat etortzeak dakarren aukera erakustea, covidaren osteko agertokian.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hala nola programaren eta izen emateko moduaren berri izateko, kontsulta ezazu ikastaroaren webgunea.
 

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urriaren 15a
  • Ekonomia zirkularra
Euskal Autonomia Erkidegoko 78 industriak ekonomia zirkularreko berrikuntza bultzatzen dute, 2026ko laguntzekin
2026ko urriaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek altzairuaren pasaporte digitalari lotutako informazio-, jasangarritasun- eta trazabilitate-betekizunak landuko ditu Ekostegun-Ekonomia Zirkularreko Ostegun batean
2026ko irailaren 21a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek Ekosteguna-Ekonomia Zirkularreko Ostegunei ekingo die berriro, urte amaiera arteko programazio berriarekin
2026ko irailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik Basque Zirkular Metals proiektua bultzatu du, Europako altzairugintzaren industria zirkular berrian buru izateko xedearekin