Skip to main content
2026ko irailaren 17a
  • Ekoberrikuntza
  • Tokiko jasangarritasun
  • Ekonomia zirkularra

Izaera berritzaileagatik nabarmentzen diren klima ekintzako 19 udal-proiektu babestuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Izaera berritzaileagatik nabarmentzen diren klima ekintzako 19 udal-proiektu babestuko ditu Eusko Jaurlaritzak


Hautatutako proiektuek klima-aldaketarako egokitzapena sustatzea dute helburu, trantsizio energetikoa eta lurraldearen erresilientzia babestuta eta COVID-19ak eragindako krisiari konponbide berdea ematen lagunduta. Esleitutako 19 proiektuek 1.005.296 euroko aurrekontu-zuzkidura izango dute; alegia, aurreko deialdiko zuzkiduraren bikoitza.

Tokiko ekoberrikuntza klimatikorako laguntzak proiektu berritzaileak eta beste udalerri batzuetara erraz eraman daitezkeenak egiteko dira. Toki-erakundeek gauzatu behar dituzte proiektuok, eta lurraldea egokitzen laguntzea izan behar dute xede, hiri-eremu eta hiri-inguru erosoagoak, seguruagoak eta jasangarriagoak sortuta. Ihobek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean zuzentzen duten Europako LIFE Urban Klima 2050 proiektua erreferente nagusietako bat izan da programaren oinarriak ezartzeko eta diseinatzeko orduan.

Finantzatutako proiektuak ezaugarri desberdinetako Euskadiko udalerrietatik datoz, bai 1.000 biztanletik beherako udalerri txikietatik (hala nola Alkiza, Amoroto eta Ea), bai hiri handietatik (Bilbo, Donostia eta Gasteiz).


Natura oinarri duten konponbideak

Natura oinarri duten konponbideak ezartzea da proiektuen jarduketa-ardatz nagusia, eta klima-aldaketara egokitzen laguntzen du, eremu publikoetan esku hartzeak edo azterlanak eginez, udalerri erosoagoak eta jasangarriagoak lortzeko. Adibidez, Santurtzin, Bilbon edo Amurrion, ikastetxeetako jolastokietan jarriko da arreta; Urduñan, aparkaleku publikoak naturalizatuko dira; eta Ean, Muxikan eta Usurbilen, eraikin publikoak hobetuko dira, bero-boladetara egokitzeko.

Badira egokitze-estrategien eta arintze-estrategien arteko sinergiengatik nabarmentzen diren zenbait proiektu; besteak beste, Sestaok eta Alkizak aurkeztutakoak, zerbitzu ekosistemikoak CO2 hustuleku gisa sortzeko; Zamudiokoa, hondakin organikoak aprobetxatzeko, eta Donostiakoa, emisio txikiko eremuak ezartzeko. Albistearen amaierako eranskinean biltzen dira proiektu guztien xehetasunak.


Laguntzen banaketa


Ihobek laguntzen aginduan aurreikusitako zenbatekoa bikoiztu zuenez, 17 toki erakundeek 1.005.296 euroko dirulaguntzak jasoko dituzte, 19 proiektuak egiteko. Honela banatuko dira laguntzak:

«1. lerroa: klima-aldaketaren PIMA»
, ia 500.000 euroko zuzkidura du, eta Ingurumeneko Konferentzia Sektorialean ingurumena sustatzeko adostutako planen funtsetakoa da (ingurumenaren arloan, hura da gobernu zentralaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetzarako organoa).

«2. lerroa: tokiko ekoberrikuntzarako laguntzak»
: aurrekontu-zuzkidura 250.000 eurotik 514.288,23 eurora igo da.

Informazio gehiago: https://www.ihobe.eus/laguntzak/tokiko-ekoberrikuntza-klimatikorako-laguntzak-2021eko-deialdia



Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urriaren 15a
  • Ekonomia zirkularra
Euskal Autonomia Erkidegoko 78 industriak ekonomia zirkularreko berrikuntza bultzatzen dute, 2026ko laguntzekin
2026ko urriaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek altzairuaren pasaporte digitalari lotutako informazio-, jasangarritasun- eta trazabilitate-betekizunak landuko ditu Ekostegun-Ekonomia Zirkularreko Ostegun batean
2026ko irailaren 21a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek Ekosteguna-Ekonomia Zirkularreko Ostegunei ekingo die berriro, urte amaiera arteko programazio berriarekin
2026ko irailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik Basque Zirkular Metals proiektua bultzatu du, Europako altzairugintzaren industria zirkular berrian buru izateko xedearekin