Skip to main content
2026ko irailaren 18a
  • Tokiko jasangarritasun

LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian

Life Octopus

Euskadik proiektuan duen zeregina tokiko erakundeei klimaren eta energiaren arloan ematen zaien laguntza indartzea da, Udalsarea 2030en bidez.

Urtebete martxan egon ondoren, LIFE OCTOPUS proiektu europarrean parte hartzen duten erakunde guztiak Varsoviara joan dira egindako lana ebaluatzeko eta hurrengo urratsak finkatzeko. Euskadi garatzen den lurraldeetako bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, Ihobe, eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE) ditu partzuergoko bazkide.

Euskadirekin batera, Extremadurak, Zipreko Errepublikak, Poloniako Mazoviako Voivodato eskualdeak, Txekiako Usti eskualdeak eta Frantziako Auvernia-Rodano-Alpes eta Isère eskualdeek hartzen dute parte

LIFE OCTOPUSen helburua trantsizio energetikoa eta klimatikoa sustatzea da, tokiko eta eskualdeko agintariak eta energia- eta ingurumen-agentziak ahaldunduz, eremu horretan irtenbide berritzaileak garatu eta ezar ditzaten, beren eskualdeetara egokituta. Horretarako, zazpi antolakuntza-sare erraztaile (ingelesezko siglak, EON) sortu eta indartuko ditu 36 hilabetez. Euskadik badu berea: Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak betetzen du zeregin hori. Eskualde horietako eta Europako erakunde bazkideek jarraipen-bilera bat egiten dute irailaren 16tik 18ra bitartean, LIFE OCTOPUS abian jarri zenetik urtebete igaro ondoren.

Lehenengo egunean, partzuergoak proiektuaren aurrerapena aztertu du, eta helburuak, lehen emaitzak, erronkak, aukerak eta hurrengo urratsak berrikusi ditu. Bigarren jardunaldian, EONen arteko trebakuntza-programa garatu da, lau lan-saioren bidez: trebakuntza-programaren helburuak zehaztea; EON bakoitzak identifikatutako beharrak eta erronkak definitzea; EONen bidez energia- eta klima-planak egitea eta ezartzea sustatzeko trebakuntza-programak barne hartu beharko lukeen edukia zehaztea; eta programaren hurrengo tailerrak planifikatzea.

Udalsarea 2030en aldetik, horrelako sareek duten laguntza-rola defendatu da, udalerriek edo toki-erakundeek ahalik eta gehien aprobetxa ditzaten Europako ekimenek eskaintzen dituzten aukerak, hala nola Alkatetzen Ituna

"Besteak beste, gustatuko litzaiguke EONen arteko gaikuntza-programak beren udalerriei edo toki-erakundeei ekar diezazkieketen onurak azpimarratzea, hala nola finantzaketa-aukerak, ikusgarritasun eta aintzatespen handiagoa, bai eta esperientziak partekatzea eta beste leku batzuetan egiten ari denari buruz ikastea ere", azaldu dute Varsovian dauden Ihobe, EEE eta Udalsarea 2030eko ordezkariek.

Udalsarea 2030: Udalerri jasangarrien euskal sarea - LIFE OCTOPUS proiektua


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urtarrilaren 15a
  • Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
2025eko irailaren 24a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 17a
  • Tokiko jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du
2025eko maiatzaren 19a
  • Tokiko jasangarritasun
KLIMA Azoka ibiltariaren beste edizio bat hasiko da 2025eko Ibilaldian, Galdakaon