Skip to main content
2026ko urriaren 15a
  • Klima aldaketa

Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko erreferentziatzat aitortu du Euskadi, erresilientzia klimatikoaren eta ingurumen-berrikuntzaren alorrean

Regionsadapt

Hilabete honetan, Nazio Batuen Erakundeak (UN Climate Champions) erresilientzia klimatikoaren alorreko munduko eskualde nagusien artean aitortu du Euskadi. Regions4 sareak koordinatutako RegionsAdapt ekimenari esker iritsi da errekonozimendua, eta nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak ingurumen-berrikuntzarekin duen konpromisoa. Euskadi kasu inspiratzaile gisa adierazi dute beste eskualde batzuekin batera —Katalunia, Eskozia, Jalisco (Mexiko), Lombardia (Italia) edo Hego Australia, besteak beste—.

Zehazki, “Berrikuntza berdea bultzatzea, klimaren aldetik adimenduna den ekonomia birsortzailea lortzeko” kategorian, txostenak Basque Ecodesign Center nabarmentzen du, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren inguruan elkarlanean aritzeko aliantza publiko-pribatu bat. Aliantza horren mugarri nagusietako bat izan da Climate & Circularity Calculator onlineko tresna merkaturatzea. Haren bidez, erakunde, produktu eta zerbitzuen karbono-, ingurumen- eta zirkulartasun-inpaktuak neurtu daitezke, datu bateratuak baliatzen dituen ikuspegiz.

Nazio Batuen Race to Resilience kanpainak Basque Ecodesign Center nabarmendu du lankidetza publiko-pribatuaren adibide gisa

ETEek finantzaketa eskuratzeari dagokionez, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda ere aintzatetsi dute. “Tresna fiskal aitzindari bat da, sektore pribatuak emisio txikiko eta efizientzia handiko teknologietan inbertitzea sustatzen duena; % 35eko kenkaria eskaintzen du sozietateen gaineko zergan, talde hautagarriaren inbertsio kostuaren gainean”, jasotzen du aipatutako txostenak.

Euskadi kanpaina global honetan sartzeak indartu egiten du ekintza klimatikoan erreferentziazko eskualde gisa duen eginkizuna, eta balioa ematen dio bere elkarlanean oinarrituriko gobernantza-ereduari. Eredu horrek helburu komun baten inguruan biltzen ditu erakundeak, udalerriak, ikerketa-zentroak eta herritarrak: klima-aldaketaren inpaktuei aurrea hartzea eta gizarte erresilienteago bat eraikitzea.

Race to Resilience kanpainaren helburua da 2030a baino lehen arrisku klimatikoekiko kalteberak diren 4.000 milioi pertsonaren erresilientzia handitzea. Euskadik aktiboki parte hartzen du mugimendu global horrekin, RegionsAdapt sarearekin bat egin zuenetik.

INFORMAZIO GEHIAGO


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Klima aldaketa
Hasi dira LIFE IP ip urban klima 2050 eskuhartzearen obrak Zarauzko malekoian
2026ko ekainaren 5a
  • Klima aldaketa
  • Ingurumen-hezkuntza
Ekoetxea Urdaibaik klima-aldaketak lurraldean dituen kausak eta ondorioak ulertzeko erakusketa iraunkor berria inauguratzen du
2026ko apirilaren 21a
  • Klima aldaketa
Euskadik ekintza klimatikoari buruzko LIFE proiektuen Europako topaketa hartzen du
2026ko otsailaren 26a
  • Klima aldaketa
Europako Batzordeak Bilboko itsasadarraren ingurunea klima-aldaketara egokitzeko BIK 2050 proiektua babestu du