2026ko martxoaren 24a
- Tokiko jasangarritasun
Pertsonak, Agenda 2030i buruzko lantaldearen hirugarren saioaren ardatz nagusia
Saio horretan pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea helburu duten sei GJHak landu ziren
Lan-taldearen bigarren saioan egindako lanari jarraipena emanez, saio berri honetan Udalsarea 2030ek argitaratutako Tokiko Agenda 2030 gidan jasotako Helburuak eta adierazleak aztertu eta baloratu ziren, baita beste eremu eta sistema batzuetan identifikatzen diren beste Helburu eta adierazle batzuk ere.Lantalde horren helburuetako bat, GJHak lortzeko Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin parte hartzea eta lankidetzan aritzea izan zen, eta, beraz, oraingoan Osasun Saileko ordezkariek parte hartu zuten, tokiko esparruan egiten den ikuspegia eta lana osatzeko.
Esperientzia praktikoak
Saioaren azken tartean, Maruri-Jataben, Abanto Zierbenan eta Durangaldeko Mankomunitatean gauzatutako lau esperientzien berri eman zen.
Maruri-Jataberen kasuan, 2013an eta krisi ekonomikoaren ondoren, Udalak kostu txikiko kultura- edo aisialdi-eskaintza diseinatzeko beharra antzeman zuen, udalerria dinamizatzeko elementu moduan. Hainbat aukerari buruz hausnartu eta horiek aztertu ostean, 2017an nazioarteko sukaldaritzari buruzko ikastaroa jarri zen martxan. Ikastaro horretan, udalerrian bizi ziren pertsonak ziren protagonistak eta haiek ziren ikastaroak emateko arduradunak, Maruri-Jatabeko kultura desberdinei balioa emanez eta udalerrira etorritako pertsonen integrazioa sustatuz, udalerriko parte garrantzitsu sentiaraziz.
Abanto Zierbenak, berriz, udalerrian garatutako Hegalbizia eta Igualizate programak aurkeztu zituen. Alde batetik, Hegalbizia, udalerriko ikastetxeetan lehen hezkuntzako sei ikasturteetan gauzatzen den adimen emozionaleko eta bizikidetzako proiektua da, eta bertan hainbat gai lantzen dira, horien artean autonomia, tolerantzia eta errespetua, asertibitatea, gatazken ebazpena eta hezkuntza afektibo sexuala, umeek euren emozioak identifikatzeko eta horiek maneiatzeko tresnak izan ditzaten.
Aldiz, Igualizate programa herritar guztiei zuzenduta dago, eta gizarte berdinzaleagoa, bidezkoagoa eta genero-indarkeriarik gabea lortzea du helburu, herritarrak ekitatearen alde trebatuz, konpromiso indibidualean, inplikazioan eta parte-hartzean oinarrituta. Logo edo zigilu bat sortu ondoren, kanpaina bat egin zen, herritarrak galdera honen inguruan hausnartzera gonbidatuz: Zer egin dezaket nik berdintasunaren alde?, hainbat mezurekin batera eta gaitutako mekanismoen bidez euren gogoetak uztera gonbidatuz. Kanpaina horri amaiera emateko, Dialogadak jardunaldia antolatu zen. Bertan, kanpainaren galdera nagusiaren inguruko mahai-ingurua antolatu zen, eta udalerriko hainbat pertsona eta elkartek euren ikuspegia partekatu zuten.
Azkenik, Durangaldeko Mankomunitateak MOBIDurangaldea proiektu pilotua jarri zuen martxan 2020an, adinekoen jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment (pertsona aktiboak) proiektuaren barruan, emakumeengan arreta berezia jarriz. Osakidetzarekin eta proiektuan parte hartzen duten 9 udaletako gizarte-sailekin koordinatuta gauzatzen den proiektu horren helburua erabiltzaileen ohituretan eragina izatea da, jarduera fisikoa (ariketa espezifikoak, ibilbideak eta paseo-taldeak, ) egiteko jarraibide edo ibilbide pertsonalizatuak emanez, denboran zehar eta pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.
Iturria:Ihobe