- Tokiko jasangarritasun
Udalsarea 2030ek amaiera eman die Erreminta-gidaren zerbitzuak zehazteko Ihoberen eta EEEren tokiko-bisita sortari
Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak, eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) amaitu dute joan den urrian hasitako Erreminta-gidaren zerbitzuak zehazteko eskualde-bisiten erronda. Erreminta-gida dokumentuan, beharrezko energia- eta klima-trantsizioari aurre egiteko toki eta eskualde mailako administrazioaren eskura jarritako tresna guztiak biltzen dira.
Udalerri jasangarrien Udalsarea 2030 euskal sarearen bitartez zabaldutako ekimenak 11 bisita izan ditu guztira. Joan den urriaren 20an egin zen lehen topaketa Amorebieta-Etxanon, eta, ondoren, Amurrion, Eibarren, Barakaldon, Tolosan, Gasteizen, Ugaon, Arraia-Maeztun, Gernika-Lumon eta Donostian egin dira bilerak, otsailaren 9an Basaurin amaitu arte.
Topaketak bi helbururekin egin dira: batetik, gazteak gaitzea, eta, bestetik, euskal udalerriek energia-trantsizioarekin eta klimaren aldaketarekin erlazionatutako erronkei aurre egin ahal izatea.
Gainera, EEEko eta Ihobeko zuzendari nagusiek eta teknikariek toki eta eskualde mailako administrazioen eskura jarri dituzte Erreminta-gida proiektuan jasotzen diren eta trantsizioaren eta klimaren aldaketaren arloan pauso berriak emateko dauden akonpainamendu-euskarriak eta laguntza-programak. Horri dagokionez, toki-administrazioek, enpresekin, organismoekin eta herritarrekin batera, zeregin garrantzitsua dute berotegi-efektuko gasak murrizteko eta klimaren aldaketara egokitzeko helburuetan aurrera egiteko, mugikortasunarekin, ingurumenaren babesarekin, 0 kilometroko produktuen kontsumoarekin eta energia berriztagarria sortzearekin lotutako jarduketen bitartez.
Gazteen tokiko enplegua
Erreminta-gidan jasotako laguntzak garrantzitsuak dira tokiko eragileek klima- eta energia-krisiari aurre egiteko palanka gisa joka dezaten. Laguntzen artean, nabarmentzekoak dira toki-administrazioek euren lantalde teknikoak indartu ahal izateko Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioa. Lankidetza horri esker, klimaren aldaketan eta energia-trantsizioan espezializatutako 30 bat gazte kontratatu dira urtebetez.
Klimaren aldeko tokiko ekintza taldeak Euskadin
Topaketetan, klimaren aldeko tokiko ekintzako Euskadiko taldeen berri ere eman da. Talde horien helburua Euskadin klimaren aldeko tokiko ekintza bultzatzeko prozesuaren parte aktiboa izatea eta Klimarako eta Energiarako Alkateen Itunarekin bat egitea da. Toki-erakundeek Euskadin klimaren aldeko tokiko ekintza bultzatzeko estrategiaren definizioan eta ondorengo gidatzean hartzen dute parte, arlo horretan duten esperientzia emanez eta lehentasunezko eremuak eta landu beharreko premiak identifikatzen lagunduz. Horrela, bi talde definitu dira: talde bultzatzaile bat eta lantalde bat.
Iturria:Ihobe