- Tokiko jasangarritasun
Udalsarea 2030ek Emisio Txikiko Eremuen eraginpeko udalerriekin partekatzen ditu Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legearen ondoriozko informazioa eta ekintzak
Udalsarea 2030ek, tokiko ekintza eraldatzailearen bidez Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Agenda 2030 lortzeko EAEko udalerriak eta eskualdeak mobilizatzeko xedearen barruan, lankidetza-bilera egin du Emisio Txikiko Eremuei buruzko Errege Dekretuaren eragina jasotzen duten sei euskal udalerriekin.
Jardunaldian Gasteizko (Araba), Barakaldoko, Bilboko eta Getxoko (Bizkaia) eta Donostiako eta Irungo (Gipuzkoa) udaletako ordezkariek hartu dute parte, Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sareko teknikariekin batera. Hasierako topaketa horretan, esperientziak, informazioa eta ekintzak partekatu dira, airearen kalitatea eta herritarren osasuna hobetzeko, klima aldaketa arintzen laguntzeko, garraiobide jasangarri moduen aldaketa eragiteko eta garraiobideen erabileran energia eraginkortasuna bultzatzeko.
50.000 biztanletik gorako udalerriek bete behar duten Emisio Txikiko Eremuei buruzko Errege Dekretua onartu berri da, eta EAEko sei udalerritan du eragina. Udalerri horiek hiri-mugikortasun jasangarriko planak abiarazi beharko dituzte, mugikortasunaren ondoriozko emisioak murrizteko neurriak sartzeko, Emisio Txikiko Eremuak ezartzea, besteak beste.
Arau berriak eragindako herrietako ordezkariek aukera izan dute indarrean dagoen araudia ezagutzeko, gauzatu beharreko neurriei buruz gaur egun duten egoera azaltzeko eta konponbide posibleak bilatzeko oztopo komunak identifikatzeko.
Era berean, mugikortasun eredua berrorekatzeko eta jasangarriago bihurtzeko egin daitezkeen jarduketen ideiak zehaztu dira; modurik garbienei eta eraginkorrenei lehentasuna emanez, mugikortasun piramidearen filosofiaren arabera.
- Joan-etorriak oinez.
- Joan-etorriak bizikletan edo pertsona bakarreko mugikortasunerako beste baliabide batzuetan.
- Garraio publikoaren sarea hobetzeko eta erabiltzeko neurriak.
- Garraio pribatu elektrikoaren eta energia alternatiboen erabilera sustatzeko neurriak, kargatzeko puntuak barne.
- Mugikortasun elektriko partekatua bultzatzeko neurriak.
- Salgaien hiri barruko banaketa.
- Lanerako mugikortasun planak.
- Neurriak babes bereziko eremuetan: ikastetxeak.
- Hiriak klima aldaketetara hobeto egokitzeko neurriak.
- Eraikuntzaren sektorearen ekarpena
Udalerrietako ordezkari guztiak bat etorri dira udalerriko trafikoaren eta kutsaduraren diagnostikoak egitearen garrantziaz, emisio txikiko eremu horien mugaketan eta baldintzetan erabaki egokiak hartzeko. Era berean, komunikazio-plan bat lantzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, herritarrak eta eragile kaltetuenak ETE horien helburuei eta pertsonen osasunean izango dituzten onurei buruz behar bezala informatzeko eta sentsibilizatzeko.
Iturria:Ihobe