Skip to main content
BasqueESG

Zer da BasqueESG?

BasquESG Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ogasun eta Finantza Sailak eta Lehendakaritzak bultzatutako ekimen bat da, helburutzat duena Europarekin lerrokatutako sistema komun eta erraz bat abiatzea euskal ETEentzat, enpresa horiek aukera izan dezaten jasangarritasunaren arloan duten jokabidea ebaluatzeko, berari buruz informatzeko eta jokabide hori hobetzeko.

Bere xedeak dira euskal industriaren lehiakortasuna indartzea, finantziazioa eskuratzen laguntzea eta bezeroen, enpresa traktore handien eta balio-kateko eragileen informazio-eskari gero eta handiagoei erantzutea.

Ebaluazio-sistema bat izateaz gain, BasquESGk balio erantsia eskaintzen die ETEei, egiaztatutako txosten baten bidez, hobekuntza-plan espezifiko bat garatzearen bidez eta erreferente sektorialekin alderatzea -Europako batezbestekoa barne sartuta- ahalbidetzen duen benchmarking-sistema baten bitartez.

VSME euskal ETEentzat

BasquESG sortu da Euskadiko ETEei sistema komun bat eskaintzeko, alegia, jasangarritasunari buruzko informazio-eskariak homogeneizatu, txostenak egiteko prozesua erraztu eta enpresak prestatzen dituena gero eta zorrotzagoa den europar erregulazio-testuingururako. Horren bidez, erraztu egiten da modu koherentean erantzutea enpresa traktore handien, finantza-erakundeen eta administrazio publikoen eskariei.

BasquESG ekimenak VSME deritzan borondatezko araua erabiltzen du bere ebaluazio- eta informazio-sistemaren oinarri gisa; izan ere, arau hori Europako Batzordeak garatutako tresna bat da, ETEen benetako beharrei erantzuten diena, zeren bereziki diseinatuta baitago enpresa horien dimentsio, baliabide eta gaitasunetarako. Esparru horrek ahalbidetzen du eskatutako informazioa estandarizatzea, prozesuak erraztea eta eskari ugarien eraginez sortutako karga murriztea;  horrez gain, enpresa handi eta finantza-erakundeekiko harremana errazten duen hizkuntza komun bat ezarri ere egiten du. Horri esker, ETEek euren jasangarritasunaren arloko jokabidearen berri eman dezakete, modu garbi eta koherentean , europar estandarrekin bat etorriz. Horrek abantaila-posizioan kokatzen ditu euskal ETEak trantsizio jasangarriaren erronka eta aukeren aurrean. 

BasquESGren helburuak

BasquESGk Euskadiko ETEei laguntzen die haien jasangarritasunerako eraldaketan, horri begira honako helburu hauek definituz:

  • Euskadiko ETE industrialen lehiakortasuna handitzea, europar estandarrekin lerrokatutako ebaluazio-sistema fidagarri eta alderagarri batez.

  • Balio-katearen eta finantziazioaren beharrei erantzutea, ESG informazio estandarizatua emanez bezeroei eta finantza-erakundeei.

  • Euskal ETEak europar gidalerroekin lerrokatzea, VSME araua erabiltzearen bidez eta EFRAGek bultzatutako europar komunitatean parte hartzearen bidez.

  • Balioa ekartzea, ebaluaziotik harago, egiaztatutako txostenekin, ekintza-planekin eta benchmarking sektorialeko tresnekin.

  • Pizgarriak eta trakzioa bultzatzea, finantza-tresnetara iristearen, erosketa publiko berdea sustatzearen eta enpresa traktoreekiko lankidetzaren bitartez.

Ebaluazio sistema bat baino zerbait gehiago

BasquESG jasangarritasunaren ebaluazio hutsetik harago doa eta balio ukigarria sortzen du, txostena etengabeko hobekuntzarako tresna bihurtuz. Hori lortzeko, honako hau eskaintzen du:

Jasangarritasun-txosten egiaztatu bat sortzea.

Txostena erakundearen jasangarritasuna indartzeko tresna bihurtzen duen hobekuntza-plan bat definitzea.

Aurrerabidea eta posizio lehiakorra beste enpresa batzuen aurrean erakusten duten benchmarking- eta kalifikazio-tresnak izatea.

Pizgarriak eta laguntzak eskuratzeko bidea eskaintzea, honako hau barne sartuta: finantza-tresnak, balio-katea dinamizatzeko programak eta erosketa publiko berdeari buruzko irizpideak.

Gobernantza

BasquESG ekimenak ETEen jasangarritasun-txostenetan inplikatuta dauden eragile guztiak biltzen ditu, koordinazioa, koherentzia eta alderdi guztien ikuspegia bermatzeko xedez.

Ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, bere Batzorde Estrategikoaren bitartez; halaber, badu Batzorde Operatibo bat, hots, edozein unetan bazkide gisa sar daitezkeen enpresa traktore handien eta finantza-erakundeen sare dinamiko bat, eta baita Idazkaritza Tekniko bat ere. Horrez gain, badu Kanpoko Aholku-talde bat, eta horrek indartu egiten ditu bai lankidetza eta bai jasangarritasunari buruzko informazioaren trukea.

Ekimenaren lidergo politikorako eta bultzadarako organoa da. Estrategia orokorra definitzen du eta BasquESGren lehentasunak ezartzen ditu. Beraren burua Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila da, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik inplikatuta dauden sail guztiez osatuta dago.

Parte hartzen duten eragileak
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila Eusko Jaurlaritza
Ogasun eta Finantza Saila Eusko Jaurlaritza
Lehendakaritza Eusko Jaurlaritza

Idazkaritza Teknikoak sostengua ematen die bai Batzorde Estrategikoari eta bai Operatiboari. Bere jarduna Ihoberi dagokio, zeren bera arduratzen baita ekimenaren plangintzaz, kudeaketaz, koordinazioaz eta bere jarduketen antolaketaz, Batzorde Estrategikoaren jarraibideen arabera.

Eragile arduraduna
Ihobe Ihobe

Batzorde Operatiboa ekimena kudeatzen duen organo teknikoa da. Bere ardura da proiektuen gauzapena gainbegiratzea, parte-hartzaileak koordinatzea eta definitutako ekintzen inplementazioa segurtatzea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aginduen arabera jarduten du.

Batzordeko eragileak
Euskalit Euskalit
Banku-erakundeak
Kutxabank Kutxabank
Laboral Kutxa Laboral Kutxa
Enpresa industrialak
CAF CAF
Iberdrola Iberdrola
Ingeteam Ingeteam
ITP Aero ITP Aero
Mercedes-Benz Mercedes-Benz
Petronor Petronor
Sidenor Sidenor

Ekimenaren kontrasterako talde tekniko bat da, Euskal Herriko enpresa-erakundeak eta ETEen bitarteko erakundeak biltzen dituena partaide gisa. Jasangarritasunari eta jardunbide egokiei buruzko gomendioak eskaintzen ditu, ESG printzipioak enpresa-lehiakortasunaren faktore gisa aplikatzearen alde eginez.

Taldea osatzen duten eragileak
Eusko Ganberak Eusko Ganberak
Confebask Confebask
Elkargi Elkargi
Mondragon Mondragon

ETEen parte-hartzea

BasquESGk euskal ETEak jartzen ditu ekimenaren erdigunean, haien parte-hartzea bultzatuz Euskaliten eskutik garatutako sostengu- eta prestakuntza-ekintzen bitartez, zeren erakunde hori baita zerbitzu horiek ETEen artean inplementatzeaz arduratzen den erakundea.

ETEei jasangarritasuna ebaluatzeko eta hobetzeko prozesuetan laguntzeko xedez ekimenak aurreikusten dituen jardueren artean, honako hauek daude sartuta:

Sentsibilizazioa Trebakuntza Akonpainamendua

Sentsibilizazio- eta trebakuntza-ekintzak www.ihobe.eus webguneko agendan eta www.euskalit.eus webguneko agendan argitaratuko dira.

Ekimenean parte hartzearen abantailak

BasquESGn parte hartzeak onura praktiko eta estrategiko multzo bat eskaintzen die ETEei:

  • Europarekin lerrokatutako sistema argi batera iristea, VSME araua oinarritzat hartuta -Europako Batzordeak aitortutako eta sustatuko araua-. Esparru horrek jasangarritasun-txostena errazten du eta karga administratiboa murrizten du.

  • Bezeroen, finantza-erakundeen eta hornidura-katearen beste eragile batzuen eskariei hobeto erantzutea. Sistemak estandarizatu egiten du enpresa traktore handiek eta finantza-erakundeek eskatutako informazioa, harreman komertzialak erraztuz eta kanpo-eskariak betetzen lagunduz.

  • Lehiakortasuna eta posizionamendua hobetzea. Enpresek honako hau lortzen dute: diagnostiko argi bat, ekintza-plan bat, eta euren jokabidea antzeko konpainiekin alderatzeko aukera, merkatu zorrotzagoetan lehiatzeko duten gaitasuna indartuz.

  • Euskaliten akonpainamendu espezializatua jasotzea. ETEek prestakuntza, sentsibilizazioa, sostengu teknikoa eta kanpo-egiaztapena eskuratzen dituzte, jasangarritasuna ebaluatzeko eta hari buruz informatzeko prozesuaren kalitatea eta eraginkortasuna segurtatuz.

Ekimenaren faseak

ETEek zenbait fasetan egituratutako prozesu baten bidez parte hartzen dute BasquESGn, eta horrek ahalbidetzen die aurrera egitea, sistema ulertzen hastetik ESG txosten osoa egitera iritsi arte:

  1. Jasangarritasunaren ebaluazioa ETEaren jasangarritasun-jokabidea neurtzen du, ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-irizpideetatik abiatuta, VSME estandarraren arabera. Fase honetan bildutako datuak modu progresiboan txertatuko dira BasquESG tresnan, berau eskuragarri dagoenean.

  2. ESG Txostena prestatzea Aurretiko fasean eskuratutako datuak erabiliz, ETEak bere ESG txostenak prestatzen du, estandarraren arlo bakoitzean izandako jokabidearen ebaluazioa barne sartuta. Izatez, fase horrek VSME eredua integratzen du erakundean.

  3. ESG txostenaren egiaztapena Txostenari kanpo-egiaztapen bat egin dakioke, eta horrek zorroztasuna, sinesgarritasuna eta sendotasuna ematen dizkio BasquESG sistemaren barruan.

  4. Rating (Single Score) Txostena egiaztatuta dagoenean eta informazioa sisteman integratuta dagoenean, enpresak Ihobek diseinatutako eta ezarritako rating edo Single Score bat lortu ahal izango du; honek islatuko du ESG aldetik duen jokabidea eta emaitzak interpretatzen lagunduko dio.

  5. Hobekuntza-plana prestatzea Eskuratutako emaitzetatik abiatuta, ekintza konkretuak eta lehenetsiak identifikatzen dituen hobekuntza-plan bat prestatzen da, jasangarritasunerantz aurrera egiteko eta enpresaren lehiakortasuna indartzeko. Prozesu hori guztia BaquESGn eskuragarri dauden zerbitzuen laguntzarekin egiten da. Zerbitzu horiek honako hau hartzen dute barne: Sentsibilizazioa, Prestakuntza/trebakuntza, Akonpainamendua, Gidak eta beste baliabide batzuk.

Parte hartzeko modua

 

Proiektuan parte hartzea doakoa da BasquESGren partaidea izateko interesa duten euskal ETE guztientzat. Deialdi berrian sartu nahi duten enpresek parte-hartzerako formularioa betetzearen bidez egin dezakete.

Pilotatze-faseak

BasquESGk proiektu pilotu batzuen bidez hasi du bere hedapena; horien helburua da beraren eraginkortasuna ingurune erreal batean ebaluatzea eta lehenengo ETEei VSME araua txertatzen laguntzea.

Ekimenaren lehenengo ziklo horrek honako hau ahalbidetuko du:

  • VSME arauaren aplikagarritasun erreala Euskadin egiaztatzea, ETE industrialen gaitasun, baliabide eta beharretara nola egokitzen den ebaluatuz.

  • Tresnak, prozesuak eta euskarri-materialak doitzea, horren bidez bermatzeko sistema argia, operatiboa eta irisgarria dela erakunde guztientzat.

  • BasquESG ekimenaren behin betiko hedapena prestatzea euskal ETE guztientzat, europar gidalerroekin bat datorren ezarpen sendo eta progresibo bat segurtatzeaz batera.

Proiektu pilotu horiek Euskadin ESG ebaluazio- eta informazio-sistema komun bat eraikitzera daraman lehenengo urratsa dira, enpresekiko lankidetzan oinarrituta eta eredu erabilgarri, erraz eta sendo bat industria-ehun osoarentzat sortzera orientatuta.