- Ecodiseño
- Economía circular
- Sostenibilidad local
Europako Etiketa Ekologikoak 30 urte bete ditu, Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin
Etiketa ekologikoa emateko baldintzak produktu eta zerbitzuen kategorien arabera definitzen dira
Europar Etiketa Ekologikoa ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuak aitortzeko eta identifikatzeko europar sistema ofiziala da. Sistema egiati, zorrotz eta borondatezko honen asmoa da euren bizi-ziklo osoan ingurumen-inpaktu txikiagoa izateagatik nabarmentzen diren produktu eta zerbitzuak sustatzea; era horretan, baliabideen erabilera eraginkorra lortzen laguntzen du, ingurumenaren babes maila handia lortzen laguntzeaz batera. Ingurumenaren ikuspuntutik ekologikoak diren produktuak eta/edo zerbitzuak identifikatzeko forma erraz eta zuzen bat eskaintzen zaio kontsumitzaileari, oinarri zientifikoa duen informazio zehatz eta egiatiaren bermearekin.Tresna hau euskal enpresen artean sustatzeko xedez, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez- argitalpen hauek prestatu ditu: Europar Batasunaren Etiketa Ekologikoa eta Ostatu turistikoentzako Europar Batasunaren Etiketa Ekologikoa.
Etiketa ekologikoa eskuratu dezaketen produktu eta zerbitzuak honako hauek dira: garbiketa, zaintza pertsonalerako produktuak, pinturak eta bernizak, paperezko produktuak, altzariak eta koltxoiak, ostatu turistikoak, ekipo elektronikoak, lubrifikatzaileak, estalkiak, arropa eta ehun-produktuak, eta lorezaintzako produktuak. Ziurtagiri honek ingurumen-bereizgarri bat da konkurrentziaren aurrean, zeren bai markaren irudia eta bai erakundearen ospea hobetzen baititu, eta gainera erakusten du kasuan kasuko produktu edo zerbitzuak ingurumen-irizpide zorrotzak betetzen dituela, informazio zehatz eta fidagarria jasotzeko eskari gero eta handiagoari erantzunez.
Produktuetarako etiketa
Gaur egun, 53 euskal enpresatako 375 produktu/zerbitzu daude ziurtatuta Etiketa Ekologikoarekin, eta 10 kategoria hauetan dute presentzia guztira 24 kategoria daude-:
- Tisu papera eta produktu deribatuak
- Paper grafikoa
- Baxera eskuz garbitzeko detergenteak
- Gainazal gogorrak garbitzeko produktuak
- Produktu kosmetikoak
- Erabilera industrial eta instituzionaleko ontzi-garbigailuetarako detergenteak
- Pinturak eta bernizak
- Altzariak
- Ostatu turistikoak
- Barnealdeak garbitzeko zerbitzuak
Azpimarratzekoa da Euskadi hirugarren postuan dagoela EBren Etiketa Ekologikoaz ziurtatutako produktuak dituzten erkidegoen artean, Katalunia eta Valentziaren atzetik. Gainera, "Altzariak kategorian ziurtatutako produktuen % 100 duen erkidegoa da, eta Espainian ziurtatutako ostatu turistikoen % 67.
Euskadiko ostatuetarako ekoetiketa
Euskadik ahalegin bereziak egin ditu etiketa alor askotan ezartzeko, bereziki ostatuetan. Orain dela gutxi Akelarre Hotela gehitu ondoren, dagoeneko 36 dira Europako Etiketa Ekologikoarekin ziurtatutako ostatuak; era horretan, Euskadi turismo jasangarriaren liderra da estatu mailan, eta gure erkidegoa europar helmuga nagusietako bat da, horrelako azpiegiturei dagokienez, honako herrialde hauen gainetik: Holanda (25 ostatu), Eslovenia (13 ostatu), Kroazia (6 ostatu), Malta (6 ostatu) eta Portugal (5 ostatu).
Euskadik Europar Etiketa Ekologikoarekin ziurtatutako 36 ostatu ditu, eta, hortaz, Estatu osoko rankingaren liderra da eta Europako helmuga nagusien artean dago kokatuta, azpiegitura horiek dituztenen artean
Europako etiketa ekologikoarekin ziurtatutako 36 ostatu turistikoak bereizgarri hori estatu mailan duten ostatuen % 70 dira, eta horrek erakusten du norainokoa den Euskadiko ostatuen sektorearen ingurumen-konpromisoa. 36 ostatu horietatik, 11 Araban daude kokatuta, 15 Bizkaian eta 10 Gipuzkoan. Ranking horretan, Austria (39 ostatu), Italia (55 ostatu) eta Frantzia (182 ostatu) soilik daude Euskadiren gainetik.
Europako ekoetiketa Europar Batasun osoan dago aitortuta, eta baita Norvegia, Liechtenstein eta Islandian ere; beraren betekizun bat da produktua erakunde independente batek aztertu dezala; eta zehazten ditu produktuak ingurumenean dituen ondorio guztiak, lehengaien erauzketatik haien azken erabilerara arte bizi-ziklo deritzana-.
Informazio gehiago eta Europar Batasunaren etiketa ekologiko hau Euskadin lortzeko prozedura webgune honetan kontsulta daitezke: https://www.euskadi.eus/web01-a2inguru/es/contenidos/informacion/ecoetiqueta/es_etiqueta/index.shtml
Europar Batasunaren Etiketa Ekologikoa
Ostatu turistikoentzako Europar Batasunaren Etiketa Ekologikoa
Fuente: Ihobe