- Tokiko jasangarritasun
ELIKERek elikagaien sektorearen garapena bultzatuko du Tolosatik
ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroa Tolosan aurkeztu da sektoreko eragileen aurrean, Olatz Peon, Tolosako alkatearen; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren; Xarles Iturbe, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotziaren; eta Imanol Zubelzu, ELIKER proiektuaren koordinatzailearen partidetzarekin.
ELIKER Eusko Jaurlaritzak eta Tolosako Udalak euskal elikagaien industria garatzeko sustatutako proiektua da.
ELIKERek Eusko Jaurlaritzak sektorearekin lankidetzan egindako diagnostikoa du abiapuntu, ekosistemaren behar eta erronka nagusiak identifikatzeko. ELIKERen ibilbide-orria eta ekintza-plana behar eta erronka horietan oinarriturik prestatu dira. Zentroak Tolosan izango du egoitza eta kokalekua, Tolosa etorkizuneko elikaduraren erreferentzia puntu bihurtzeko helburuarekin.
Euskadiko elikagaien balio-kateak ezaugarri bereziak ditu, gure lurraldearen dimentsioarengatik, landa-hirien arteko harreman estuengatik eta ikerkuntzaren garapenean eta berrikuntzan egindako ahalegin handiagatik. Euskadin I+Gn egiten den inbertsioaren % 5 inguru sektore horretan egiten da.
Errealitate horren aurrean Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, Elkarrekin lan egiteko aukera dugu, sektore hau maila guztietan egituratzeko, kate osoaren zeharkako lankidetzatik, gizarteak eskatzen dituen etorkizuneko beharrei erantzuteko. Gai izan behar dugu gizarte honek behar duen dieta pertsonalizatuari erantzuteko eta kontsumitzaileen beste eskaera batzuk asetzeko, hala nola segurtasuna, prestatzeko erraztasuna eta, gainera, kontsumitzen ditugun elikagaiak onak/bikainak eta osasungarriak izatea. Aukera paregabea dugu produktu berriak sortzeko, eraginkorragoak eta iraunkorragoak izateko, industria-jarduera berriak sortzeko, negozio-eredu berriak sortzeko eta nazioarteko inbertsioa eta turismoa erakartzeko.
Olatz Peon Tolosako alkateak azpimarratu du jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta industriaren garapena bermatzeko ekimen berriak abiaraztea ezinbestekoa dela are eta gehiago elikadurari lotuta gurea bezalako herri eta eskualde batean, paisaiari, gure izaerari eta ekosistema osoari eusteko.
Tolosak eta Tolosaldeak ekosistema indartsua dute; sare eta ehun sendoa elikaduraren bueltan: lehen sektorea, azokak, merkataritza, ostalaritza, elikagaien industria
100 enpresatik gora ditugu zuzeneko 1890 lanpostu sortzen dituztenak; eta horixe da gure indargunea, ekosistema sendoa, horregatik kokatuko da ELIKER Tolosan. Elikadura kate osoa sustatu eta indartzera dator ELIKER, azokari, gastronomiari eta industriari lotuta, kalitatean azpimarra jarriz, proiektu ezberdinak aktibatuz, egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko, nabarmendu du.
ELIKER, elikaduraren balio kate osoarekin elkarlanean arituko den garapen zentroa izango da. Sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzera, proiektu jasangarriak garatzera eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzutera bideratuta dago. ELIKERek indarrean jarriko ditu jada identifikatutako erronkak, eta sektorearekin batera egingo du. Izan ere, proiektu honek ekosistema osoa suspertu, koordinatu, indartu eta bateratu nahi du, ekintza eta estrategia bateratuak abian jartzeko, eta Tolosa gastronomiaren hiriburua bihurtu nahi du, elikaduraren arloan erreferentziazko puntu estrategikoa baita, Xarles Iturbe Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotziak adierazi duenez.
ELIKERek bi zutabe nagusi ditu: lankidetza eta merkaturatzea. Bi zutabe horietatik abiatuta, elikagaien industria garatzeko 5 lan-ildo zehaztu dira: industria jarduerak, formakuntza, digitalizazioa, ekintzailetza eta berrikuntza, besteak beste, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, sektorearen profesionalizazioa eta digitalizazioa bultzatzeko, ekoizpen prozesuak egokitzeko, salmentarako bide berriak jorratzeko edo enpresa berrien sorrera sustatzeko.
Ekintza Plana deskribatutako helburuak lortzeko egin da. Ekintza horiek bi multzotan daude banatuta sektorearen garapen jasangarria eta ekitaldiekin eta azokekin lotutako promozio jarduerak. ELIKERen Ekintza Planak kalitatea, etorkizuneko elikadura eta izaera kolaboratiboa ditu ardatz, azpimarratu du Imanol Zubelzu, ELIKER proiektuaren koordinatzaileak.
ELIKERetik zerbitzu eta produktu berriak sortzeko lankidetza-aukera berriak identifikatuko dira, saltzeko era berriak landuko dira, packaging modu berriak landuko dira, elikaduraren topaketa-ekitaldi bat egingo da, azoka bereziak sustatu eta berriak sortzea bultzatuko da, Tolosa gastronomiaren hiriburu eta merkaturatze-gune estrategiko bihurtzeko.
Iturria:Ihobe