Skip to main content
2026ko maiatzaren 23a
  • Tokiko jasangarritasun

Udalsarea 2030eko Lurzoruen Talde Iraunkorra aurrera doa prestakuntzaren eta finantzaketaren arloan

Udalsarea 2030eko Lurzoruen Talde Iraunkorra aurrera doa prestakuntzaren eta finantzaketaren arloan

Udalsarea 2030eko Lurzoruen Talde Iraunkorrak prestakuntzako eta dirulaguntzetako lantaldeen bilerak egin ditu azken asteetan. Duela denbora gutxi, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien parte hartzea duen Lurzoruaren Babeserako 2030 Estrategiaren Batzorde Teknikoa ere bildu da.


Talde Iraunkorrak aurtengo otsailean egindako osoko bilkuran, parte hartu zuten udalerriek berariazko gogoeta-taldeak sortzea erabaki zuten, Lurzoruaren Babeserako Estrategiaren funtsezko hiru ekintza-ildoen norabidea markatzeko: hutsik dauden lurzoruen prestakuntza, finantzaketa eta kudeaketa.


Apirilaren 25ean prestakuntzari buruzko lehen batzordea egin zen Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroan. Batzorde horretan, Balmaseda, Irun, Urduña eta Gasteizko udaletako, Añanako eta Arabako Lautadako koadriletako eta Ihobeko teknikariak izan ziren.


Toki-erakundeek, beren eguneroko lanean lurzoruaren babesari lotuta dituzten zalantza, kezka eta arazo nagusiak partekatu zituzten. Gai azpimarragarrien artean hauek agertu ziren, besteak beste: ibai-ibilguei atxikitako lurzoru kutsatuen kudeaketa, lurzoruaren babesaren ikuspegiaren txertaketa HAPOen berrikuspenean, edo nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueren inpaktuen kudeaketaren eta kontrolaren arloan jardunbide egokiak izateko beharra.


Ihobek, azken urteetan EAEko erakundeek lurzoruen babesean eskainitako prestakuntza-eskaintzaren berri eman zien udalei. Prestakuntza-premiei buruzko hausnarketan udalei laguntzeko asmoz, lurzoruaren babesean beren lana eskatzen duten araudi eta estrategia nagusiak azaldu ziren.


Udalerriek beren eguneroko lanean sortzen zaizkien prestakuntza-beharrak identifikatu zituzten; lurralde-plangintzari, nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari, lurzoru kutsatuei, hondeatutako lurrei eta ekonomia zirkularrari, klima-aldaketari eta ingurune naturalari dagozkien beharrak.


Bildutako prestakuntza-beharrak Talde Iraunkorrean aurkeztuko dira, baloratzeko eta doitzeko. Ondoren, Ihobek identifikatutako eskaerei erantzuteko egon daitezkeen prestakuntza-ekintza posibleak baloratuko ditu.


Finantzaketari buruzko Talde Iraunkorreko batzorde espezifikoak maiatzaren 17an Donostiako Udaletxean egindako bileran Donostiako, Mungiako, Zarauzko, Hernaniko eta Gasteizko (CEA) udalek hartu zuten parte. Dinamikari ekiteko, 2022ko ekainaren 15eko Aginduan garapen jasangarriko tokiko ekintzak diruz laguntzeko aurkeztutako proiektuen azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin zen. Finantzaketa-tresna horrek jarraipena izango du 2023an, eta Euskadiko ingurumen-lehentasunei laguntzen dieten tokiko ekintzak gauzatzen laguntzea du helburu, batez ere erreferentziazko ingurumen-plangintzetan agertzen direnak (hala nola EAEko Geodibertsitate Estrategia 2020 edo Euskadiko Lurzorua Babesteko Estrategia 2030).


Bileran, Aginduaren hurrengo edizioetan diruz lagun daitezkeen ekintza eta objektu berriak gaitzeko aukerari buruzko gogoeta ere egin zen.


Amaitzeko, udalek dirulaguntzen prozesuan zehar dituzten erronka nagusiak partekatu zituzten: lurzoruen arloan udalek dituzten beharren eta mehatxuen identifikaziotik hasi eta dauden dirulaguntzen deialdien interpretaziotik, eskaeraren aurkezpenetik, proiektuaren kontrataziotik eta gauzatzetik, ixtetik eta justifikaziotik pasatuz, erakunde finantzatzailearekiko feedbackean amaitu arte.


Finantzaketa- eta prestakuntza-batzorde espezifikoen ondorioak udazkenean egitekoa den Udalsarea 2030eko Lurzoruen Talde Iraunkorraren hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko dira.


Batzorde Teknikoaren bilera


Bestalde, Lurzoruaren Babeserako Estrategiaren Batzorde Teknikoa, estrategiaren hedapenari orientazioa eta laguntza emateaz arduratzen den erakundea, maiatzaren 9an bildu zen, udal-ordezkaritzaren, eta, lehen aldiz, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien partaidetzarekin.


Saioa Batzordearen lanerako planarekin eta Ihobek 2030erako Euskadiko Lurzoruaren Babeserako Estrategiaren zeharkako ekintzen garapen-egoeraren aurkezpenarekin hasi zen. Ekintza horietako bat Lurzoru Hutsen Aurretiazko Inbentarioa da. Tresna hori azken berrikuspen fasean dago, eta EAEko udalerri guztietarako gaur egun jarduera berriak jar daitezkeen hiri-kokaleku edo gune urbanizagarri gisa sailkatutako kokaguneen kopurua hurbiltzea ahalbidetzen du. Bertaratutako erakundeek beren osaera metodologikoari buruzko galderak egin eta inbentarioak beren eskumen-eremuei eskaintzen dizkien ahalmenak identifikatu ahal izan zituzten.


Bilerak Udalsarea 2030en Lurzoruaren Babeserako Talde Iraunkorraren aurrerapenen azalpenarekin jarraitu zuen. Foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek aintzat hartu zituzten udalerriek hirigintza-plangintzari, klima-aldaketari, azpiegitura berdeari eta lurzoru kutsatuei buruz egindako eskaerak, besteak beste, beraiekin lan egiterakoan kontuan hartzeko.


Topaketan azaldu ziren beste ekintza batzuk lurzoruaren babeserako tresnen inbentarioa eta urrian egingo den eta batzorde horrek zeregin nabarmena izango duen lurzoruaren babeserako kongresua izan ziren.


Bilera amaitzeko, lurzoruak dituen mehatxuen aurkako borrokan funtsezkoak diren hiru lan-ildori buruzko gogoeta egin zen taldeka: hutsik dauden lurzoruen mobilizazioa, Euskadiko lurzoruaren kalitatearen mapa baten eraketa, eta Nekazaritza eta Basogintzaren LSParen berrikuspenak ingurune horretan dituen ondorioak. Tresna hori funtsezkoa da Euskadin lurzorua behar bezala babesteko eta erabiltzeko.




Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urtarrilaren 15a
  • Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
2025eko irailaren 24a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 18a
  • Tokiko jasangarritasun
LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian
2025eko irailaren 17a
  • Tokiko jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du