Skip to main content
2026ko irailaren 26a
  • Lurzorua babeste

Urriaren 14ra arte luzatu da aurretiazko kontsulta egiteko epea lurzoru kutsatuak berreskuratzeko berrikuntzaren erosketa publikorako Garbiland erronkan

Urriaren 14ra arte luzatu da aurretiazko kontsulta egiteko epea lurzoru kutsatuak berreskuratzeko berrikuntzaren erosketa publikorako Garbiland erronkan

Ihobe ingurumen-jarduketarako sozietate publikoak eta Sprilur, S.A.k, SPRI taldearen zuzendaritzapean, urriaren 14ra arte edukiko dute zabalik merkatuak berrikuntzaren erosketa publikoan duen interesa ezagutzeko aurretiazko kontsultan parte hartzeko epea. Berrikuntzaren erosketa publikoak lurzoru kutsatuak berreskuratzeko teknologiak (edo tratamendu-teknologien konbinazioak) garatzea du helburu. Ekimenari Garbiland erronka jarri zaio izena, eta Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat eratara kutsatutako lurzoruak deskontaminatu nahi ditu; besteak beste, hidrokarburo aromatiko poliziklikoek (HAP), poliklorobifeniloek (PCB), konposatu kloratu lurrunkorrek eta BTEXek (bentzenoa, toluenoa, etilbentzenoa eta xilenoak) kutsatutakoak.


Gaur egun, bai Euskadin, bai beste lurralde batzuetan lurzoru kutsatuak saneatzeko gehien erabiltzen den aukera lurra hondeatzea eta hondakinak hondakindegira eramatea da. Aukera hori bizkorrena da, eta batzuetan, merkeena ere bai, baina ingurumenaren aldetik ez da jasangarria, ezta oso efizientea ere, ez baitu konpontzen kutsaduraren benetako arazoa. Egun, gero eta baliabide gutxiago daude, eta gero eta leku gehiago behar da hondakinak isurtzeko; hori dela eta, ordezko aukerak garatu, transferitu eta aplikatu behar dira lurzoru kutsatuak kudeatzeko.


Europako jarraibide berriak eta euskal arauak hondeatzeko eta isurtzeko estrategiaren aurka daude, eta ekonomia zirkularra bultzatzen dute. Ingurumen-jasangarritasunaren ikuspegitik, lurzoru kutsatuak tratatzeko teknologia berriak berrerabil daitezkeen materialen bolumena maximizatu behar luke, hondakinen sorrera minimizatu, eta isuri likido eta atmosferiko gutxiago sortu. Lurzoruak berreskuratuta, isuri horiek hondakin gisa kudeatzea eta hondakindegietara eramatea saihestu behar du.


Halaber, berrikuntzaren erosketa publikoko prozesuak energia-kontsumoa minimizatzen duten teknologiak erabiltzea sustatu nahi du, beste teknologia batzuen ordez, bai fisiko-kimikoak, bai (bereziki) tratamendu termikoak aplikatzen dituztenak. Bestalde, berotegi-efektuko ahalik eta gas gutxien isurtzea nahi da teknologia aplikatzeko gauzatutako ekintza guztietan. Horrela, lurzorua berreskuratuta eta hondeatzeari uko eginda, erabili gabeko lurzoru garbi gutxiago kontsumitzen dira, eta, ondorioz, babes berezia behar duen baliabide eskas hau erabiltzea saihesten da.


Garbiland erronka


SPRI taldeak, Ihobek eta Sprilurrek bultzatuta, Garbiland erronka, merkatuan lurzoru kutsatuak saneatzeko askotariko teknologiak daudela kontuan hartuta, laborategian baliozkotu diren teknikei zuzenduta dago, baina baita fase pilotuan daudenei ere, baldin eta komertzialki garatu ahal izateko landa-lanean frogatu eta baliozkotuko dituzten entsegu berrien garapen esperimentalarekin jarraitu beharra badute. Hain zuzen ere, TRL 6 mailako esperientziatik hastea bilatzen da (sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzea) eta, hainbat tokitan aplikatu ondoren, TRL 8 mailara igarotzea.


Berrikuntzaren erosketa publikoko prozesuari buruzko informazioa esteka honetan dago: Lurzoruak deskontaminatzeko erronka – GARBILAND proiektua - SPRI. Interesatuta dauden erakundeek urriaren 14a baino lehen, ostirala, aurkeztu behar dituzte proposamenak; horretarako, garbiland@ihobe.eus helbidera ere idatz dezakete kontsulta teknikoak egiteko.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 25a
  • Lurzorua babeste
Ihobek Euskadiko Lurzoruaren I. Foro Soziala egin du, eta hainbat sektore ekonomikotako 50 bat espezialistak parte hartu dute
2025eko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
Euskadik bat egingo du Lurzoruaren Munduko Egunarekin
2025eko otsailaren 17a
  • Lurzorua babeste
Ihobek SOILveR europar plataformaren urteko bilera hartu du
2024ko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
2024ko Lurzoruaren Munduko Eguna erabilerarik gabe dauden kokaguneen berreskurapenarekin ospatzen da Euskadin, bertan proiektu berriak ezartzeko