Skip to main content
2026ko otsailaren 1a

Donostiako Tranbia Konpainiarentzat autobus hornikuntzaren kontratazioa

AURREKARIAK:

Donostiako Tranbia Konpainia Gipuzkoako hiriburuko garraio publikoko zerbitzua kudeatzen duen enpresa da, eta Donostiabus edo Dbus izen komertzialarekin ezagutzen da.

Ingurumenaren babesarekin konprometitutako enpresa da:

  • Eskaintzen duen zerbitzuagatik, Dbus enpresako autobus-sarearen erabilera masiboak erabiltzaileek hirian barna mugitzeko ibilgailu pribatuak erabiliz gero eragingo luketen erregai kontsumo altua eta izango liratekeen emisio kutsatzaileak eragozten ditu.
  • Enpresa etengabe ari da airearen kalitatearen eta klima-aldaketaren gaineko bere eraginak murrizteko lanean. Zehazki, konpainiak erregai eta ibilgailu ekologikoen erabilera, lineen kudeaketa eraginkorra eta ibilbideen azterketa, kontsumoaren eta emisioen kontrol zehatza eta gidatze seguru eta eraginkorra bultzatzeko gidariarentzako laguntza-sistema berritzaile bat jarri ditu martxan.

Ingurumenaren aldeko konpainiaren ekarpena indartzeko ahaleginean, erosketa eta kontratazio publiko jasangarria funtsezko bitartekoa izaten ari da.

Estatuan aitzindaria den politika aktiboari esker, Dbus konpainiak gutxiago kutsatzen duten eta erregai kontsumo baxuagoa duten ibilgailuak eskuratu ditu azken urteotan. Horri esker, uneotan konpainiaren flota osatzen duten 130 autobusetatik % 72k betetzen dute EURO 4 emisioen estandarra edo zorrotzago bat.

Hori horrela, ezarritako neurriei esker urteko batez besteko erregai-kontsumoa eta egindako kilometroko emisio kutsatzaileak nabarmenki murriztu ahal izan dira.

Urteko batez besteko kontsumoa (l/100 km-ko)

Agente onuradunak: Donostiako herritarrak eta bertako autobus zerbitzu publikoaren erabiltzaileak.

Ekarpen nagusia: Kontratazio publikoa baliatzea enpresaren ingurumen-hobekuntzarako.

ESPERIENTZIAREN DESKRIBAPENA:

Xedea: hiri-autobusak ingurumen-irizpideekin kontratatzeko plegua.

Ibilgailu flota berritu eta hobetzeko apustua zein jasangarritasunaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko konpromisoa berretsiz, Dbus konpainiak 12 eta 18 metroko hiri-autobusen hornikuntza kontratatzeko lizitazio bat egin du 2016an. 

Kontratazioa hiru sortatan zatituta dago:

  • 1. sorta: 12 metroko eta diesel teknologiako autobusak.
  • 2. sorta: 12 metroko eta ordezko teknologiako autobusak.
  • 3. sorta: 18 metroko eta diesel teknologiako autobusak.

Horrez gain, bizi-zikloa kontuan hartzen duten ingurumen-irizpideak sartu ditu bai baldintza ekonomiko-administratiboetan bai preskripzio teknikoetan.

Lizitazioari esker, Dbus konpainiak 2017an zehar hamar autobus berri eskuratuko dituela aurreikusten du –1. sortako hiru, 2. sortako lau eta 3. sortako hiru–, harik eta hurrengo lau urteotan gehienez ere 31 ibilgailu berri eskuratu arte.

Pleguan kontuan izandako ingurumen-irizpideen zehaztapena

Baldintza ekonomiko-administratiboetan honako arloak izan dira kontuan:

. Eskaintza ezberdinak aurkez daitezke ibilgailuen neurriei eta eraikuntzari buruzko aldagaiak kontuan izanik –2. sortaren kasuan, baita dieselaren ordezko teknologietan ere–.

. Esleipenaren prozedurak ezartzen duenez, lote bakoitzean ekonomikoki onena den eskaintza hautatuko da, betiere parte hartzen duten lizitatzaileekin arlo teknikoetan oinarritutako negoziazioa egin ostean.

· Balorazio-irizpideen artean ingurumen-arloko hainbat alderdik garrantzia dute, adibidez:

  • Eskainitako ibilgailuaren ezaugarri teknikoak eta motorrak % 0 eta 100 arteko biodiesel nahasketak onartzeko gaitasuna izatea (EN 14214 estandarraren arabera).
  • Ekonomia Jasangarriari buruzko Legean ezarritakoaren arabera baloratutako emisio kutsatzaileak (CO2, NOx, NMHC eta partikulak), betiere kilometroko emisio kopuruaren arabera adierazita.
  • Autobusaren mantentze- eta kontsumo-kostua 12 urteko iraunaldirako eta urtean 60.000 kilometro egitea aurreikusita. Kostua honako aldagaietan banakatu behar da: eskulana, ordezko piezak (iragazkiak eta beste), energia-kontsumoaren eta propultsioarentzat beharrezkoak diren bestelako produktuen kostua.
  • Gidarientzako prestakuntza-plana gidatze arrazionalizatu, seguru, ekonomiko eta erosoa lortzeko, ibilgailuaren teknologiak baliatuz.

·  Kontratua betetzeko, kontratistentzat hainbat betebehar –baita zigorrak ezartzeko baldintzak ere– aurreikusten dira, adibidez:

  • Mantentzea: gutxieneko 3 urteko bermea eta ibilgailuaren balio-bizitza guztirako (12 urte) ordezko piezak izatea.
  • Urteko batez besteko erregai-kontsumoek ezingo dituzte aurkeztutako eskaintzan jasotakoak gainditu (hainbat tolerantzia-balio aurreikusi dira).
  • Emisio kutsatzaileak ezingo dira eskaintzan jasotakoen ezberdinak izan.

Preskripzio teknikoetan, ingurumen-baldintzak derrigor bete beharrekoak direla eta kontuan izango direla ezartzen da. Zehazki, honako hauek dira:

· Derrigorrezko zehaztapen teknikoetako ingurumen-baldintzak:

  • Diesel zikloko motorrek onartu beharreko erregai motak: EN590 gasolioa eta EN14214 biodiesela edo euren nahasketa oro.
  • 2. sortako autobusen kasuan (ordezko teknologiako autobusak), onartutako ordezko beste propultsio-sistema batzuk.
  • Indarrean den emisioen estandar zorrotzena: Euro VI.

· Gainera, eskainitako ibilgailuetan balora daitezkeen bestelako baldintza teknikoak ere jasotzen dira, adibidez:

  • Start-Stop sistema.
  • Ontziratze-sistema kontsumoaren emisioei buruzko informazioa jasotzeko, gidatze-ereduak, mantentze-lanak eta emisioak.
  • Indarrean diren Europako zuzentarauetan ezarritako gehienekoak baino txikiagoak diren motorraren zarata-mailak.
  • Motorrak onartzen dituen biodiesel nahasketak (% 0 eta 100 artekoak).
  • Abiadura-kaxa (aplikagarria izanez gero): automatikoa atzeragailuarekin, sei abiadurakoa eta aldaketa kudeatzeko softwarearekin kontsumoa murrizteko.
  • LED motako kanpoko errotuluak. 
  • Elektrizitate kontsumoa gutxitzen duen kanpoko argiztapena eta LED motako barneko argiztapena.

HURRENGO URRATSAK ETA ERRONKAK:

Etorkizunera begira, Dbus konpainiak kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko konpromiso irmoa du, ingurumena gero eta gehiago kontuan hartuta eta Europako politikak jarraituz. Kontuan izan behar da, gainera, erabiltzaileek beraiek ere gero eta garrantzi gehiago ematen diotela enpresek ingurumenarekiko errespetuz jokatzeari.

Zehazki, hurrengo hilabeteetan bi ekintza zehatzetan gauzatuko da Dbus konpainiak hartutako konpromisoa:

  • Jarduera handieneko linea batean pantografo sistema batekin funtzionatzen duen 18 metroko autobus elektriko bat erabiltzen hasiko da.
  • Autobus hibridoak erosiko ditu gutxika, lizitazio honetan jasotako eskaintzen analisi zehatz batean oinarrituta betiere.

Oinarrizko datuak

Erakunde eragilea: Donostiako Tranbia Konpainia.

Kokapena: Donostia (Gipuzkoa).

Harremanetarako pertsona:

Eduardo

Alta
Transporte público
ODS 3: Salud y bienestar
3

Honako jardunbide egoki hau idazteko garaian, lizitazioa izapidetzen ari da oraindik. Horregatik, kontratazioaren eta eraginen gaineko informazioa ez dugu oraindik ere eskura.

Social
0

Agian hau ere interesatzen zaizu

2022ko apirilaren 1a
ECO Friendly garbiketa, Riveraren garbiketa jasangarria
2021eko urtarrilaren 20a
LURDEIA, TURISMO-OSTATU JASANGARRIA
2020ko abuztuaren 27a
ITELAZPIren erosketa txiki berdeen sistematizazioa: gida bat tresna gisa
2020ko apirilaren 24a
ZERO plastiko Bilboko Euskalduna Jauregiko catering- eta jatetxe-zerbitzuetan